viernes, 4 de diciembre de 2015

"Añorgan bizi gaitezke"

Egun, Euskal Herriko gazte askok ez dute emantzipatzeko mediorik. Hala, gurasoen etxean bizi diren gazteen kopurua ikaragarria izateaz gain, etxebizitza propioa alokatu edo erosten duten gazteen batez besteko edadea oso altua da. 

Egoera horri aurre egiteko, Etxi Gabe Añorgako etxebizitza eskubidearen aldeko taldeak, “Añorgan bizi gaitezke” kanpaina sortu du. Kanpainaren helburua alternatibak martxan jarri eta herritarrei etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzea da.

Añorgak herri izaera duen arren, Donostiako auzo bat da. Usurbil eta Lasarte- Oriako mugan dagoen auzo honek 1900. urtean eraikitako “Cementos Rezola” izeneko fabrikaren eraginez, aldaketa handia bizi izan zuen.

     

Etxi Gabeko kideek bultzatutako “Añorgan bizi gaitezke" ekimena, etxebizitza duinaren aldeko kanpaina da. Bertan, Añorgan gazteentzako etxebizitzarik egiten ez direla edota egiten direnen salneurria zein alokairua oso garestiak direla salatu dute. Gehiegizko prezio horien ondorioz eta herrian etxe huts ugari badaude ere, hainbat gaztek herritik kanpora  bizitzera joan behar izan dute.

Gainera, auzoan bizi nahi dutela aldarrikatu eta etxebizitza izatea pribilegio bihurtu dela adierazi dute. Bide berberean, alokairu sozialekin lanean daude. Hala, etxe hutsen jabeekin negoziatu eta añorgatarrei herrian bizitzeko aukera emateko, alokairu duinak bermatu nahi zaizkie.

Kanpaina ezagun egiteko kanal desberdinez baliatu dira. Alde batetik, egiten dutenaren berri emateko hedabideekin kontaktuan jarri dira. Bestalde, internet bidezko sare sozial ugari erabili dituzte: gmail, Facebook orrialdea, blogga, youtube... Aipagarria da, proposatutako #Añorganbizigaitezke hashtagaren erabilerarekin, herritarrak argazki eta bideoak igotzera animatu dituztela; beraien ekimena jendeari zabaldu eta parte hartzea bultzatuz.

Emaitzei begira, proiektua nahiko arrakastatsua izan da. Izan ere, ekimenaren lehen urratsa 2014ko maiatzaren 1ean bi herritar gazteren etxe bihurtuko zen Firestone fabrika abandonatua okupatzea izan zen. Izandako eboluzio onak aurreikuspenak zabaltzea eragin du, hau da, aurtengo helburua fabrikan gazte gehiago bizi daitezen etxebizitza gehiago sortzea da.

Nire ustez, kanpainaren helburua eta ideia paregabeak dira. Herritarrak hazi eta hezi diren tokian bizitzen jarraitzeko eskubidea daukate eta hori bermatzea beharrezkoa da. Baina, orokorrean kanpaina komunikazio esparruan ahula dela eta oihartzun gutxi lortu dutela pentsatzen dut. Izan ere, Donostiako mugetatik kanpo ez da berriaren informazio gehiegirik ezagutu.


No hay comentarios:

Publicar un comentario