lunes, 23 de noviembre de 2015

Apple arrazista?

Munduan famatuak diren enpresa handiek beraien irudia zaintzea ezinbestekoa da. Horregatik, irudi positibo eta ona izateaz arduratzen dira; publikoari markaren aurpegi hoberena erakutsiz. Beraz, enpresak Harreman Publikoen sektoreko langileak izatea beharrezkoa da. Batzuetan, gauzak ez baitira ongi irteten eta horri erantzuna bilatzea premia bat bihurtzen da.

Apple 1976an sortutako hardware- eta software-ekoizle estatubatuarra da. Cupertinon (Kalifornia) egoitza nagusia duen kontsumorako elektronika saldu eta ekoizten du. Munduan zehar fama handia dauka eta 120 herrialde baino gehiagotan daude salgai bere produktuak. Hortaz, Applek eta berekin zerikusia duen norbait edota zerbaitek egindako edozein ekintza, ona zein txarra izan, bere irudian eragingo du.


Kasu honetan, Apple arrazistatzat salatu zuten. Izan ere, Melbourne (Australia) hirikoApple dendako langile batek sei gazte afrikar dendatik kaleratu zituen, lapurtuko zutela susmatzen zuelako. Hala, ikasleetako batek gertakizuna bideoan grabatu eta internetera igo zuen: “Simplemente racismo” goiburua jarriz. Bideoak gizartearen arreta bereganatu zuen, igo eta denbora gutxira biral bilakatuz. Gainera, sare sozialetan Apple dendan izandako egoerak bazterkeria eta arrazakeriaren gaiak oso jorratuak izatea eragin zuen.

Sortutako istiluari aurre egiteko, harreman publikoen lana beharrezkoa izan zen. Arrazakeria salaketen aurrean, Appleko CEOa den Tim Cookek enpresaren izenean bazterkeriaren biktima ziren sei ikasleei publikoki barkamena eskatu eta dendan zegoen saltzaileak gazteei zuzenean barkamena eskatu ziela aipatu zuen. Bestalde, jazoera onartezintzat kalifikatu eta Applelek denak ongi etorriak sentiaraztea nahi duela esan zuen; enpresa diskriminazioaren aurka dagoela azaldu eta enpresari "sexuak, arrazak, sexu-joerak edota beste edozein zergatik" ez diola ardura azpimarratuz. 


Kanpainaren emaitzak onak izan ziren. Helarazitako komunikatuari esker, Mohamed Semra, ikasleetako batek, bere Facebook kontuan enpresak emandako erantzunarekin pozik zeudela idatzi zuen: “barkamena eskatu digute; bada, ongi gaude, ez dago urrutiago eramateko premiarik”. Nahiz eta, bideoak bisita ugari jaso, gertakizuna kapitulu txar bat bezala gelditu eta ez zituen galera garrantzitsurik suposatu.

Nire ustez, hanka-sartze larria da inolako arrazoirik gabe norbait dendatik kaleratzea. Baina, egoeraren aurrean enpresak irtenbide arin eta argia ematerakoan asmatu egin zuen. Aipagarria da, markak politikoki zuzenak diren ekintzak eginez beraien irudia zaintzen ahalegintzen direla eta arrazakeria gertakizun honek, markaren krisi bat eragin zezakela. Edozein ekintzak txikia bada ere, bira eman eta eragin ikaragarriak izan ditzake eta horregatik, kontu handiz ibiltzea beharrezkoa da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario