domingo, 8 de noviembre de 2015

Toy Like Me

Datuei erreparatuz, hainbat dira elbarritasunen bat duten pertsonak. Izan ere, Erresuma Batuan elbarritasunen bat duten umeak 770.000 dira eta mundu osoan 150 milioitik gora. Beraz, datu esanguratsuak direla esan beharra dago, elbarriak gizartearen zati handi baten parte direlako.

Horregatik, Chance.org webgunean 2015ko apirilean Toy Like Me kanpaina sortu da. Ekimen hori Erresuma Batuko guraso zein ume elbarrien akzio globala da. Kanpainaren helburua jostailu industriak ume guztiak irudikatzea denez,  50.000 pertsonek Playmobil jostailu etxeari elbarritasunen bat duten jostailuak egitea eskatzeko sinadurak bildu dituzte.


Ekimenaren mezua dibertsitate anitzeko jostailuak egin eta elbarritasun edota gaixotasunen bat duten umeak gizartean modu positiboan integratzea da. Hala, Playmobilek erronka onartu eta bertatik abiatuz, elbarritasuna duten figurak sortzea erabaki du. Horrela, kanpainari sostengua eskaini eta irabazien parte bat ongintza xedea duten ekimenei emango dietela argudiatu dute.


Bestalde, Facebookeko kontu batean sortutako kanpaina hau sare sozialen euskarria erabiliz egin da mundu osoan ezagun. Gainera, sare sozialen erabiltzaileek Twitterren #Toylikeme hashtagaren bidez, kanpaina biral bihurtu dute; beste hainbat euskarritan, hots, prentsan edota telebistan agertzea eraginez. Horri esker, emaitza onak izan dituzte: Playmobil Toy Like Me iraultzara gehitzen den mundu mailako lehenengo enpresa bihurtu da eta etorkizunean beraien sortatan elbarritasunen bat duten panpina gehiago sortuko dituztela argudiatu dute.


Azkenik, Toy Like Me asko gustatu zaidan ekimena dela esan behar dut. Ume elbarrituak beraien bezalakoak diren jostailuak izanik, horiekin identifikatu eta gaixotasuna beste ikuspuntu batetik ikusi dezakete. Jakina da, mundua jende desberdinez osatuta dagoela, norbere akats eta dohainekin. Beraz, umeek hori ulertu eta “oker” fisiko batek eragiten duen bazterkeriarekin amaitu beharra dago.


Laburbilduz, kanpainak izandako arrakasta kontuan izanik eta horrela jarraituz gero, munduko hainbat enpresek ildo berbereko jostailuak ekoizten hasiko direla uste dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario